EQUO Berdeak alderdi ekologistak PPk egin duen eskaera salatu du. Eskaera horrekin txostenek interkonexio elektrikoak ez atzeratzea edo geldiaraztea nahi dute popularrek. Modu apetatsu eta arbitrarioan, popularrek legea aldatu nahi dute azpiegitura horiek abian jartzeko prozesua azkartzeko. Horixe eskatu dute erregistratu berri diren zuzenketetan, hain zuzen ere, une honetan izapidetzen ari den gasaren bonu sozialari buruzko PSOEren lege-proposamenari egindako zuzenketetan.

Euskadin, neurri horrek Gatikaren eta Cubnezaisko —Bordeletik gertu, Frantziako Akitania eskualdean— estazioaren artean proiektatutako urpeko interkonexio elektrikoko megaazpiegituran izango luke eragina. Euskal gizartearen zati handi batek zalantzan jarritako proiektua da: herritarrek 6.300 alegazio aurkeztu dituzte, eta, gainera, EQUOk Unidos Podemosen duen diputatu Rosa Martínezek proiektua geldiarazteko erreklamazioa aurkeztu du. Bizkaiko diputatuaren ustez, zuhurtziaren printzipioaren arabera arrazoizkoa da proiektua etetea zera frogatu arte, energia-sistemarentzat beharrezkoa dela, klimaren eta berriztagarrien helburuetarako mesedegarria dela eta ekonomikoki bideragarria dela. Horretarako, urpeko megaazpiegituraren eraikuntza justifikatuko luketen txosten ekonomiko eta teknikoak eskatu zituen Martínezek, baina orain arte ez dugu horrelakorik jaso. Orain PPk txosten horiek lotesleak ez izatea lortu nahi du. “Beraz, PPren benetako jauntxokeria baten aurrean gaude. Izan ere, legeak beren nahierara egin nahi dituzte arduragabekeriaz jokatuz, azpiegitura horiek nola edo hala aurrera ateratzeko, beharrezkoak diren edo ez kontuan hartu gabe. Horrela erreakzionatu dute, beldur baitira gure proposamenak proiektu horien jarraipena zalantzan jarriko ote duen eta eztabaida irekiko ote duen. Zoritxarrez, azpiegituren politika gidatu behar duten gardentasuneko, informazioko eta gobernu oneko printzipioen aurka doa eskaera hori”, adierazi du Rosa Martínezek.

Ildo horretan, bere zuzenketetan PPk ezarri du, halaber, Europako agintariek onetsitako proiektu horiek interes sozialekoak izatea, nahitaezko desjabetzeari buruzko Legeari dagokionez. Horrela, eraginpeko ondasunak presaz okupatzeko aukera izango litzateke, obrak egitearren.