Redacción

Kongresuak eskatuta Gobernuak energiari eta klimari buruzko estrategiaren inguruan aholkularitza emateko sortutako Aditu Lantaldearen txostenean bildutako simulazio elektrikoetatik lortutako emaitzen arabera, beste herrialde batzuekiko interkonexio elektrikorako kapazitatea gehitzeak ez du ahalbidetzen ingurumen-helburuak lortzerik, eta ez ditu energia berriztagarriak indartzen. Horrela, ezeztatuta geratzen dira, zati batean, Energia Ministerioak Bizkaiko Golkoko itsaspeko megazpiegitura eraikitzeko proiektua justifikatzeko erabilitako argudioak. Proiektu horren arabera, itsaspean 270 kilometro kable jartzea aurreikusi da, eta lehorrean 80 gehiago, Bizkaiko Gatikako bihurtze-estazioa eta Frantziako Akitania eskualdeko Cubnezais-eko estazioa lotzeko.

Txostenaren simulazioek erakusten dutenez, interkonexioarekin, alde batetik, emisioak gehitzen dira, eta bestetik, azken energian kalkulatutako energia berriztagarrietako ehunekoa atxiki edo murriztu egiten da. Horri gehitu behar zaio, azterlanetik ondoriozta daitekeenez, interkonexioen gehikuntzak energiaren kostu marjinalaren gehikuntza dakarrela. EQUO taldea bere barruan biltzen duen Unidos Podemos-En Comú Podem-En Marea talde parlamentarioak proposatutako Cristóbal José Gallego adituaren ustez, adituak berak ateratako ondorioez gain, garestitze horri garraio-sareko inbertsio-kostuen igoera ere gehitu behar zaio, urtean 131 milioi eurotik 334 milioi eurora, hain zuzen ere.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, Unidos Podemos koalizioko EQUO taldeko diputatu Rosa Martínezek berriro eskatu die Gobernuari eta Sare Elektrikoari proiektua geldi dezatela. “Aditu-lantaldearen txosten honek onartzen du interkonexio elektriko horiek ez dituztela esandako ingurumen-onurak eragiten, eta argia garestitzen dutela. Rajoyren Gobernuak berriz ere planteatu behar du proiektu hori, inpaktu handia baitu Bizkaiko lurraldean, baita kostu ekonomiko handia ere. Ezin dituzte bazter utzi aditu horien emaitzak”, Martínezek azpimarratu duenez.

Rajoyren Gobernuak Bizkaian proiektu horrekin aurrera jarraitzen badu, Unidos Podemos koalizio barruko EQUO taldeko diputatuak Gobernuari eskatzen dio datuak eman ditzala proiektu horren “onura zehatzei” buruz . “Martxan dauden egungo interkonexio-proiektuen kostua beharrezkoak ez diren azpiegituren beste kasu bat bihur daiteke, Castor proiektua izan zen bezalaxe”, Martínezek ohartarazi duenez.

 

Deja un comentario